Iruñean 280 plaza eskainiko dituzte bisita gidatuak egiteko

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 12a, 15:30

San Jose eguneko zubiaren harira bi modalitatetan bisitak eskainiko ditu Udalak. Martxoaren 19tik 22ra izanen dira. Hirian barnako bisitak eta harresiak ezagutzeko aukera eskainiko ditu.

Aurreko urteetako arrakasta ikusita eta Iruñean izaten den turista kopurua hazi egiten dela jakinda, San Jose eguneko zubiarekin batera bisita gidatuak prestatu ditu Iruñeko Udalak. Hiria ezagutzeko aukera eskaintzeaz gainera, gotorlekuetara bisita egiteko egun aproposak izan daitezkeela iritzi dute. Martxoaren 19tik 22ra egin ahal izanen dira bisita gidatu horiek.

2013an bisita gidatuek arrakasta izan bazuten, iaz, hazi egin zen bisitak eskatu zituztenen datua. Iruñeko Turismo Behatokian dituzten datuen arabera 2013an halako bisitak eskatu zituztenak %37,4 izan ziren, iaz berriz, %73,8.

Bi aukera izanen dira bisita horiek egiteko: “Iruñea bere osoan” eta “Harresiak ilunabarrean”. Lehen aukera, goizean egiteko izanen da eta bigarrena arratsaldez. Bakoitzak 140 plaza izanen ditu. Bisita gidatuak eginen dituzten adituek lortu nahi dutena da, beste modu batean ezagutzea Iruñea eta historian eta artean informazio berria eman ahal izatea.

Ikuspuntu anitzetik ezagutu Iruñea

“Iruñea bere osoan” aukerarako 4 euro ordaindu beharko dira. 90 minutuko bisita izanen da eta 35 pertsonako taldeak irtengo dira bisita bakoitzean. “Harresiak ilunabarrean” aukeran 3 euro ordaindu beharko dira eta 70 minutuko bisitak eskainiko dituzte. Lehen aukeretakoak Turismo Bulegotik ekinen diote bisitari eta bigarrengoek San Bartolome Gotorlekutik. Izen-emateak 948420700 telefonora deituta edo posta elektroniko oficinaturismo@pamplona.es edo visitamurallaspamplona@gmail.com.  

 

Argazkia: turismo.navarra.es

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!