XXV. Gazte Literatura Lehiaketa abian jarri du Iruñeko Udalak

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 12a, 12:06

Maiatzaren 5a arte izanen da aukera narrazio laburrak eta poesiak lehiaketara aurkezteko.

14 eta 18 urte bitartekoei zuzendutako XXV. Gazte Lehiaketa martxan jarri du Iruñeko Udalak. Narrazio laburrak eta poesia lanak aurkeztu ahal izanen dira bai euskaraz idatzitakoak bai gaztelaniaz sortutakoak ere. Gaztediaren Etxean aurkeztu daitezke lanak heldu den maiatzaren 5a bitartean. Sariketara Iruñean bizi edo ikasten ari diren gazteek aurkeztu ditzakete lanak hamalau urteak beteak dituztenek eta hemeretzi urte bete gabeak dituztenek.

Modalitate bakoitzeko lan bakarra aurkeztu ahal izanen du norbanako bakoitzak. Gaia librea izanen da eta euskaraz edo gaztelaniaz idatzitakoa. Lehenago publikatu gabea eta modu originalean idatzitakoa beharko du izan. Era berean, ezin izanen da lan berbera bi hizkuntzatan aurkeztu. Poesia idaztea hautatzen duenak jakin behar du hamalau bertso idatzi beharko dituela gutxienez eta 40 gehienez. Narrazio laburrei dagokienez, bi folio gutxienez eta bost gehienez idatzi ahal izanen dira, orrialdearen aurpegi bakarrean idatzita eta lerro artean tarte bikoitza mantenduz.

Hiru sari banatuko dituzte modalitate bakoitzean

Lehen sarietarako 375 euro bideratuko dituzte, bigarrenek 190 euro lortuko dituzte eta hirugarrenek 125 euro. Epaileek aproposa baderitzote bi sari berezi ematea ere proposa dezakete, bakoitza 75 eurorekin sarituak. Iaz, 108 lan aurkeztu zituzten: 82 gaztelaniaz izan ziren, horietatik 55 narrazio laburrak eta 27 poesiak; 26 lan euskaraz idatziak izan ziren, hemeretzi narrazio laburrak izan ziren eta zazpi poesiak.

Gaztediaren Etxean aurkeztu behar dira lanak

Gazteentzako Informazio Gunean aurkeztu beharko dira lan guztiak, Gaztediaren Etxean. Gutun-azal itxi batean aurkeztuko dituzte, bosna kopia sartuta bertan. Izen-abizenik ez dute idatzi beharko, izengoitiz sinatu eta adina jarrita izan beharko dute. Gutun azalean “Iruñeko Gazte Literatura Lehiaketa 2015” idatzi beharko dute beste hainbat daturekin batera: hizkuntza, modalitatea, lanaren izenburua, leloa eta egilearen izengoiti eta adina.

Gutun-azalaren barruko aldean bigarren gutun azala sartu beharko dute izengoitia idatzirik duela. Barruan egilearen datuak agertu beharko dira: izen-abizenak, helbidea, telefono zenbaki bat eta ikasten diharduten ikastetxearen izena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!