Posta elektroniko eta sakelako telefono mezuen bidez ohartaraziko du Udalak polen kantitateaz

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 11a, 09:59

010 telefonora deituta eman daiteke izena informazio hori jaso ahal izateko.

Doaneko zerbitzua eskainiko du Iruñeko Udalak lore-hauts maila zein den jakinarazteko. Aste honetan maila baxuan dago polena bereziki txikia delako lizar, haltz, zumar, altzifre eta urkiaren kasuetan. Hasia da udala mezuak bidaltzen. Informazio hori jaso nahi duenak izena eman beharko du 010 telefonora deituta. Astero jaso ahal izanen da telefono bidezko mezu batean edo posta elektronikoaren bidez Iruñean zenbatekoa den polen kantitatea. Iaz zerbitzua eskatu zutenek aurten ere jasoko dute ez badute bajarik ematen.

Zazpigarren kanpaina izanen da aurtengoa. Urtero hazi egin da erabiltzaile kopurua eta uneotan 848 herritarrek dute izena emanda. 2011an 236 laguni bidaltzen zitzaien informazioa, 2012an 362ri eta 2013an 530 izan ziren lore-hautsaren inguruko datuak ezagutu nahi izan zituztenak. Iaz 10.055 mezu bidali zituzten telefonoetara eta 1.128 posta elektroniko. 14 aste inguruko datuak helarazten dituzte.

Martxotik ekainera izanen da martxan zerbitzua

Martxoaren 9an jarri zuten abian aurtengo zerbitzua eta ekainaren 22ra arte izanen da martxan. Polen maila altuena hilabete horietan izanen da eta astearen hasieran bidaliko dute informazioa. Nafarroako Lan eta Osasun Publikoko Institututik jasoko du udalak zerbitzuaren erabiltzaileei igorriko dion informazio hori.

Saria jaso duen zerbitzua

2008an Iruñeko udalaren webgunean baino ez zen ikusten polenaren maila zenbatekoa zen. Herritarrentzat baliagarria zelakoan, 2009. urtean ekin zioten Smart City Iruñea izeneko proiektuaren barruan lore-hautsaren inguruko informazioa mezu bidez bidaltzen. 2013an Dintel Fundazioaren baitan saritua izan zen Espainia mailan zerbitzu hori. Smart City egitasmoen artean onenari saria eman zioten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!