Datozen egunetan Txantreako hiru familia etxetik kalera ditzaketela salatu dute

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 5a, 09:48

Administrazioak etxebizitza hutsak dituen bitartean halakoak getratzea onartezintzat jo du Txantrea Etxe Kaleratzerik Gabe Plataformak.

"Onartezina da administrazioak etxe hutsak dituen bitartean, zailtasunak pairatzen aritzea hainbat bizilagun", adierazi dute Txantrea Etxe Kaleratzerik Gabeko Plataformatik. Ohartarazi dute datozen egunetan hiru familiari iritsiko zaiela etxetik kaleratzeko agindua.

Auzoko bikote baten kasua aipatu du Plataformak. Osasun arazoei aurre egiteko eta egokitutako  etxebizitza eskuratu zuen bikoteak, euren lehenagokoa berme gisa jarrita. Euren etxebizitza enkantean jarria dute orain: "lehenengo etxebizitza saldu ezinik eta lanik gabe ezin izan diote aurre egin BBVArekin kontratatua duten hipotekari", jakinarazi du Plataformak. Bankuak orain bi etxebizitzak eskuratu ditu bigarren enkante batean. Etxebizitza bien prezioa balioztatutik oso urrun jarria dute eta horrek eragin dio bikoteari zorra handiagoa bilakatzea.

Txantrea Etxe Kaleratzerik Gabeko Plataformak gainera nabarmendu du, hilabete zenbaitetan bikoteak ezin izan diola bankuari zegokiona ordaindu, eta horrek zorra are gehiago haztea eragin duela klausula agresiboak jarri dizkietelako, besteak beste. Hipotekek Kalteturikoen Plataformako abokatuekin ari dira gaia aztertzen: "denbora gutxian eta judizialki irekia dagoen prozesuaren arabera bikoteak etxea utzi beharko duela uste dugu", adierazi dute abokatuek.

Ez da kasu bakana

Nafarroako Gobernuarena den etxebizitza batean ere izaten ari da arazoa. Azken urteetan hutsik izan da etxebizitza hori eta urtebete da auzoko neska batzuek barrura sartzea erabaki zutela Txantrea Etxe Kaleratzerik Gabeko Plataformak esan duenez. Azken egunetan Foruzaingoa izan da neskak identifikatzen eta etxebizitza uzteko eskaera egin zietela ere azaldu du Plataformak.

Hirugarren kasu bat ere bada Txantrean. Larriagoa izan daitekeena gainera Plataformak ohartarazi duenagatik. Datu gehiagorik azaleratu nahi ez duten arren, etxebizitza horretan ere arazoari irtenbide ematen saiatzen ari direla diote.

Egoerak ez du hobera egin

"Gero eta ahots gehiago dira diotenak egoerak hobera egin duela. Horretarako dena dela datu makroekonomikoetan jartzen dute soa, auzoetako eta hirietako benetako errealitateari bizkar emanda", diote Plataformako kideek.

"Onartezina da jendeak beharrak ase gabe dituen honetan administrazioak etxebizitza hutsak izatea", esan dute. Familia asko dago oraindik zailtasun ugarirekin aurrera egiten duena. Horiei laguntza eta babesa ematea Gobernuaren ardura dela uste dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!