Iritzia: Oskar Wilde eta biok

Euskalerria Irratia 2001ko aza. 30a, 01:00

Josu Jimenez Maia

“Ofizio ederra da, gero, idazlearena. Ederragoa, ordea, irakurlearena”. Oscar Wilde-ren Lord  Arthur Savile-en krimena liburutxoan agertzen den aipu gogoangarria, Felipe Juaristik eginiko itzulpenean emana Oscar Wilde-k itzal handia lortu zuen, batez ere, horrelakoak idazten: epigrama deritze, ziri bertsoak, short witty sayings, txantxa ukituzko idazki labur biribilak.

Ingelesa irakasle izateko estudiante-tunante garaian, bat baino gehiago ikasi nuen, buruz ikasi ere:

I never travel without my diary. One should always have something to read in the train.

Bidaietan beti eraman ohi dut nire egunerokoa, trenean noalarik komeni baita irakurtzeko zerbait interesgarria izatea.

There is only one thing worse than being talked about, and that is not being talked about.

Jendeak zutaz gaizki esanak ibiltzea baino okerragoa da jendeak zutaz deus ere ez esatea.

Bi horiek ditut gogoan, bi-biak, Oscar Wilde-ren narzismoaren paradigma.

Eta baita hirugarren epigrama bat ere:

I can resist everything except temptation.

“Tentaldiari uko egiteko modurik erosoena, bertan erortzea da” X. Hiriartek emandako itzulpenean.

Hori horrela, eta bizi osoa biziosoa izanik, biltegira joan naiz eta eskailerapeko ardoa hartu dut: Garesko ardo beltz ondua,  Gran Reserva bat 1999. urtekoa, iragan den mendekoa, nire alaba artean jaio gabea zelarik sortutako ardo on-ona, lagun min batek emandako opari ederra. Gaur zabalduko dut, lagun horren eta Arratsalde.on saioa  entzuten ari zareten guztion izenean... eta nire gizenean. Afaldu eta gero, Bako jainkoaren magalean, Oscar Wilde-ren  Lord  Arthur Savile-en krimena liburua berriz irakurtzeko aprobetxatuko dut.  Izan ere, asko ikasten da liburua irakurtzen, baita liburuak berrirakurtzen ere.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/02/josu-j-maia-burutazioa.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!