Iruñerriko euskaldunon agerkaria

Euskalerria Irratia

Euskalerria Irratia Iruñerriko irrati euskalduna da, Iruñerriko euskaldun jendeak sortua eta kudeatua, edonolako erakunde ofizial, alderdi politiko edo indar ekonomikorekiko menpetasunik gabea.

Iruñerriko beste edozein irratik baino tokiko programazio gehiago eskaintzen dugu: astean, 40 ordu baino gehiago. Bertako errealitateari erreparatzen diogu, jendearen poz eta nahigabeei, proposamen zein ekimenei, ez bakarrik Nafarroa ofizialari.

Hori guztia, euskararen ezagutza eta erabilpena bultzatzearekin konprometitua, Iruñeko euskaldunen komunitateari elkarren berri edukitzeko, trinkotzeko aukera eskainiz.

Dena dela, ez zaigu ahazten interneten bitartez gure seinalea Irrintzi Dorretik mundu osora zabaltzen dugula, eta hartara tokikoa ez ezik globala ere hartzen dugu aintzat.

Gizartean erroturiko proiektua

Iruñeko Komunikabideak SA enpresa da Euskalerria Irratiaren editorea. Nolanahi ere, gurea gizartean ongi erroturiko proiektua da. Euskalerria Irratia Elkarteak 1.000 bazkide inguru ditu, irratia laguntzen dutenak, diruz zein gogoz.

Hamabi kideko lan talde profesionalak gidatzen du irratiaren programazioa, informazioa eta entretenimendua uztartuz. Baina 100dik gora kolaboratzailek –kazetariak, idazleak, era guztietako profesionalak–programazioa osatzen laguntzen digute, musu truk.

Bazkideek, kolaboratzaileek, iragarleek, entzuleek –8.000 entzule, CIESen arabera– emititzeko zilegitasuna ematen digute, Nafarroako Gobernuak behin eta berriz ukatu digun arren.

Epaileek foru Gobernuaren jokaera bidegabea salatu izan dute –auzibideek zabalik segitzen dute–. Eta Nafarroako Parlamentua, Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Europako Batzordea gure egoera legala konpontzearen alde azaldu dira.