2016-17 ikasturtean, zentro batean D eredua irakatsiko dute, eta bestean A eta G. Bi zentroetan Ingelesez Irakasteko Programa izanen da indarrean. Bi zentroak koordinatu eginen dira, Sarrigurengo hezkuntza komunitateari behar bezalako zerbitzua eskaini ahal izateko. Elkarlanerako eta Bizikidetzarako Plan berezia eginen dute. Eta zenbait espazio konpartituko dituzte.
Amaitu berri den aurrematrikulazio kanpainako datuen arabera, gaztelerazko zentroak 541 ikasle izanen ditu (horietako 73, berriak); eta euskarazkoak, 706 (horietako 106, berriak). Nabarmentzekoa da ikasle berrien %58,41 D ereduan aurrematrikulatu dituztela.
Parlamentuko polemikaren gainetik
Parlamentuan, Sarrigurengo ikastetxe publikoa hizkuntza ereduka banatzearen aurka azaldu dira UPN, PSN, PP eta baita gobernua sostengatzen duen IE ere. IEko parlamentari Marisa De SImonen arabera, banaketa hori "elkarbizitzaren aurkakoa da".
Jose Luis Mendoza kontseilariak gaur goizean Euskalerria Irratian adierazi duenez, "modu trakets batean" ari dira gaia nahasten. "Teknikoki eta zientifikoki murgiltze programa onartuta dago. Problema baldin bada nola bermatzen dugun elkarbizitza, badaude metodoak".
Hezkuntza komunitatearen eskaerari erantzunez
Hezkuntza Departamentuak dio zentroak banatzeko erabakiarekin hezkuntza komunitatearen eskaerari erantzuten diola, zehazki, zentroko zuzendaritzari, zentroko gurasoen elkarteari, A eta G ereduetako Edusarri guraso elkarteari eta D ereduko Denok Bat, Denok D guraso elkarteari. Horretaz gain, erabakiak Eguesibarko Udalaren sostengua du, eta Sarriguren hazi eta hezi auzo elkartearena. Departamentuaren arabera, “eskaera horrek sarbide egokia du, ikuspegi pedagogikotik”.