Euskalerria Irratia zuzenean aritu da Sarrigurengo eskolatik

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 7a, 12:32

Sortzen jaia maiatzaren 17an ospatuko da Sarrigurenen. Han izan gara gurasoen ordezkariekin, irakasleekin eta herriko zenbait ordezkarirekin solasean eta haurrek, Oskar Estangarekin batera, jaiaren abestia eskaini digute, besteak beste.

Egun gutxi falta dira aurtengo Sortzen festarako. Hogeigarrena izanen da aurtengo edizioa eta euskal eskola publiko berriaren aldeko mezuaz gain, Sarrigurengo eskolan duten leku faltaren aldarria zabaltzeko asmoa dute aurten, Sortzenen izenean Irati Askunzek adierazi duen bezala. 992 ikasle daude 675entzat diseinatua zegoen eskolan. Bertako gurasoek beste eskola berri bat zabaltzea eskatzen dute. Zaharra handitzea, Gobernuak proposatzen duen bezala, ez da soluziobidea Maider Sukuntza Guraso Elkarteko kideak azaldu duen bezala.

Haurren faltarik ez eta ilusiorena ere ez. Gogoz aritu dira kantari laugarren eta bosgarren mailako ikasleek Oskar Estangarekin batera. Zwekere taldeko kidea da, hain zuzen ere, aurtengo abestiaren egilea.

Jarraian Koldo Azkona Eguesibarko euskara teknikaria izan da gurean eta euskara zerbitzu sortu berrian zer nolako lan ildo nagusiak dituzten jakitera eman digu. Sarriguren herri oso gaztea da. 32 urtekoa da bataz besteko adina eta familia gazte horien artean guraso euskaldunak dituztenak ere askotxo dira. Horientzat, haurrentzat eta euskarara hurbildu nahi duten guztientzat ari da lanean zerbitzua.  

Bestalde Joseba Orduña, Eguesibarko NaBai alderdiko zinegotzia hurbildu da herriaz hitz egitera. 2005ean 5 biztanle zituen herriak egun 14.000 ditu. Eguesibarko populazioa 20.000 biztanlekoa bada, erraz ikus daiteke zer nolako aldaketa demografikoa ekarri duen eko –hiriak. Aldaketa horrek ere bere isla izan du politikan: urtetan UPN izan zen nagusi Eguesibarren legealdi honetan Nabaik alkatetza eskuratu arte.

Aldaketa honek “aniztasuna” ekarri diola bailarari esan du Joseba Orduñak.

Festaren prestaketan jo eta lanean ari direnak ere irakasleak dira. Hasier Morras Ikasketa buruak eta Amaia Goienetxe irakasleak unitate didaktikoa egin dutela eta egun horretarako tailerrak antolatzen ari direla azaldu digute. Honekin batera Sarrigurengo eskolaren hezkuntza proiektuaz hitz egin digute: anitza, proiektuen arabera antolatua eta irekia.

Saioari amaiera emateko Karmele Gil Herri Mugimenduetako ordezkaria izan dugu festaren eguneko egitarauaren berri emanez.

Eta nola ez: Izpitxo, aurtengo festaren maskota “Izpi berriez, eskola berria” egiten ari direla jakitera ematera etorri da gure zuzeneko emanaldi berezi honetara.

 

Txertatutako irudiaren behin betiko esteka

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!